Euskal Herriko Justizia Auzitegi Gorenak (TSJPVk) Dignidad y Justicia elkartearen errekurtsoa onartu berri du eta Sortuko lehendakaria den Hasier Arraiz-en kontra ekiteko agintzen du. Erabaki honekin, TSJPV eskuin muturreko elkarte baten zerbitzura jartzen da; horrekin fiskala bera eta bere lana zalantzan jartzen badu ere.
Ez da ulertzen nola TSJPV makurtzen den, bake prozesuaren kontra eskura dituen tresna guztiak, justizia administrazioaren manipulazioa barne, erabiltzeko prest dagoen elkarte baten mesedetara.
TSJPVn erabakiak agerian uzten du ideien kriminalizazioan tematzen diren eragile indartsuak badaudela; eta zentzu horretan adierazpen askatasunaren kontra gogor oldartzen dira, PPko gobernuak garaile-garaituaren binomio ankerra indartuz.
Egungo marko legalaren salbuespenezko aplikazioarekin amaitu behar da; justizia administrazioa ezin da sektore atzerakoienen eta inboluzionistenen gotorleku bihurtu eta behingoagatik herritarren oinarrizko eskubideak, tartean adierazpen askatasuna babesten aritu behar da. Justizia transizionala eta ez mendekuzko justizia aplikatzeko garaia da.
Azkenik, Sortuk ideien jazarpenarekin amaitzea esijitzen du, adierazpen askatasun eskubidearen errespetu osoa eta hortaz Hasier Arraiz-en kontrako neurri guztien behin betiko artxibatzea.
Gaurko egunez Guardia Civil-ak Amaia Izko Sortu-ko bozeramale nazionala deitu du inputatu gisa deklaratzera. Beste behin euskal preso politikoen aldeko elkartasuna eta beraien kontra aplikatzen den espetxe politikaren salaketa jazarria da.
Guardia Civil-ak atestatua ireki du Amaia Izkoren euskal herritarraren kontra; euskal preso politikoen eskubideak errespetatuak izan daitezen; espetxe politika bete dadin eta dispertsio politika behin betirako amaitu dezaten eskatu zuelako.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Zaballako espetxera lekualdatzea eskatuz banan-banako eskaerak egitea erabaki zuen pasa den urteko abenduan, eta eskaera hauek indarrean dauden xedapen legalak oinarri hartuz burutu zituen; gure iritziz jokabide honek egundoko balio politikoa du bake prozesuaren sustapenari dagokionean. Bada, sei hilabete pasa dira eskaerak burutzen hasi zirenetik eta dagoeneko hainbat erantzun jaso dituzte, guztiak ezezkoak, inongo arauditan jaso gabe dauden balorazioen araberakoak beti ere; hain zuzen, zuzenbidearekin bat egiten ez duten damuketa moduko eskaerak egin zaizkie presoei.
Euskal Herrian normalizazio politiko eta demokratikora heltzeko abian den prozesuarekiko oro har eta Euskal Preso Politikoen aferari eman behar zaion konponbidearen aurrean bereziki PNV eta Lehendakaritza azken hilabete hauetan mantentzen ari diren inboluziozko jarrerarekin oso kezkatuta, hori salatzera eta bestelako jokabidea eskatzera gatoz gaurkoan.
Bai, Ortuzarren PNV eta Urkulluren Lehendakaritza atzeraka eta atzeraka ari dira urtarrilean Bilboko kaleetara elkarrekin atera ginenetik, eta horren adierazle argia dira atzo publiko egin ziren Josu Erkorekaren adierazpenak.