Ohar honen bidez Xabier Agirreren espetxeratzea salatzen du Sortuk.
Agirre Belgikan atxilotu zuten eta 2011ean estraditatua izan zen, beste pertsona batekin, Entzutegi Nazionalean auzi irekia zutela eta.
Auzi horretatik eratorritako zigorra behin beteta, auzi berri bat ireki zion Entzutegi Nazionalak. Sententziaren arabera, erakunde terroristan integrazio delitu bat egotzi diote Agirreri, iheslarien kolektiboarekin zuen ustezko loturagatik eta Belgikan beste iheslari batekin bizitzeagatik.
Etorkizunari aurre egiteko ezinbestekoa da:
Prozesu dialektiko horretan, aurrera begira aukeratzen den norabidea, jakina, inoiz ez da neutroa. Hautu politikoa da, helburuen lorpenari begira erabakitzen den plan politikoa hain zuzen.
Ezker Abertzaleak gatazkaren irteera negoziazio prozesuan kokatu izan du historikoki. 1978ko Kas Alternatiba taktikoa eskainiaz lehen etapan, 1989an Argelgo Mahaian eman zelarik Espainiar Gobernuaren eta ETAren arteko lehen elkarrizketa politikoa. 1995eko Alternatiba Demokratikoaren eskutik etorri zen bigarren etapa. Etapa honen baitan bi gertakari eman ziren, batetik gatazkaren konponbidea barnebiltzen zuen 1998ko Lizarra-Garaziko prozesua eta bestetik, 2004ko "Orain Herria Orain Bakea" ondoren 2006-7an Loiola eta Genevako mahaiek islatzen duten negoziazio prozesua.
Zutik Euskal Herriak, 2010ean, estrategia aldaketarekin hirugarren etapa abian jarri zuen gatazkaren ondorioen bideratzea hiru faseko prozesuaren lehen etapa gisara planteatuz. Estrategiaren aldaketa erabaki propioz egin ondoren, hau da, borroka armatuaren ibilbidea ixtea erakarri zuen erabakia hartu ondoren Ezker Abertzaleak lehen egitekotzat hartu zuen gatazkaren ondorioak soluziobidean jartzea.
Ezker Abertzaleak aldebakarreko jokabide propioarekin, hau da, gure erabakiekin euskal herritar eta euskal eragile ahalik eta gehienekin elkarlan eta akordio ahalik eta zabalenak erraztea, bideratzea eta bultzatzea du helburu. Ezker Abertzalearen aldebakartasunezko jokabidea gure herrian gatazkaren ondorioen konponbidearen eta nola ez burujabetzaren eta independentziaren aldeko bideak aurrera egin ahal izateko aldeanitzeko borondate politikoak, eta ahalegin anitzak biltzea bilatzen duen jokaera eta inbertsio politikoa da.
Eta norabide horretan jardunez, Ezker Abertzalearen baitan nahia bezainbeste beharra den gatazkaren ondorioei irtenbidea ematea lehen egitekotzat hartu genuen ZEHrekin. Eta garai berriari ekiterakoan aldebikotasunaren eskutik, hau da, espainiar eta frantziar gobernuekin elkarrizketa eta adostasunaren bidea jorratuz bilatu nahi izan genion gatazkaren ondorioei konponbidea.
Nazioarteko eragileek bezala Ezker Abertzaleak ere une hartan egiten zuen irakurketa politikoan bi gobernuen aldetik ondorioei nolabaiteko irtenbidea bilatzeko mugimenduen garaian sartzea espero zuen. Nazioarteko eragileek beren experientzia eta ezagutzan oinarrituta, Euskal Herriko gatazkari irtenbidea bilatzeko eszenatoki ezin aproposagotzat jotzen zuten ETAk borroka armatuaren zikloa itxita sortu zuena, 2011ko urriaren 20az geroztik bi Estatuentzat irekitzen zen egoera aproposa baino aproposagoa baitzen soluzioak bilatzeari ekiteko. Are gehiago gobernu eta alderdi politiko guztien ahotik urteak joan eta urteak etorri mezu bat entzun zenean. "Borroka armaturik gabe guztiaz hitz egin ahalko da". Nazioartean, euskal jendartean eta Ezker Abertzalean konponbidearen bidean sartzea espero zen.
Nazioarteko eragileek eta Ezker Abertzaleak bagenuen arrazoirik hori horrela izan zitekeela espero izateko. Errepasatu dezagun Aieteko Konferentzia aurretik gertatutakoa, ezagutu dezagun Konferentzia zeren parte zen.
Konferentzia aurreko kontaketa:
Nazioarteko fazilitadoreek egindako lanaren eta bi aldeekin lortutako konpromisoen berri izan zuten alderdi politiko nagusienek, horien artean PPk.
Baina gauza jakina da 2011ko azaroko hauteskunde orokorren ondoren eratu zen PPren gobernuak ez zituela onartu PSOEren gobernuak nazioarteko bitartekariekin adostutako bide orria eta hartutako konpromisoak. PPren gobernuak kontadorea "0"n jartzen zuela esanez erantzun zuen naiz eta ETAren ordezkaritza zegoenean mantentzen utzi zuen hilabeteetan zehar eta duela gutxi David Plak jakinarazi duenez mezulari bat ere bidali zuen ETAren ordezkaritzarekin egotera.
Baina ondorioa agerikoa da: PPk konponbidearen aurkako estrategia garatu du lehen unetik. Hiru bide zituen PPk 2011ko hauteskundeen ondoren:
Rajoyren gobernuak Zapaterorenak nazioarteko fazilitadoreekin adostutako "Hoja de ruta resultante" ez betetzea erabaki zuen, kontadorea "0"n jartzea eta konponbidearen aurka bete-betean aritzea. Bai, hori egin du baina euskal jendartearen gehiengoak gatazkaren ondorioei soluzioa ematea nahi du, gure herriak merezi duen normalizazio politikoaren eszenatokiaren desioa gehiengoaren nahia delako.
Hauteskunde Orokorrak egin dira, behar bada errepikatu beharko dira baina goizago edo beranduago gobernu berria eratuko da. Eta gobernu berri horri dei egiten diogu, exijitu egiten diogu, 2011n orduko gobernuak hartu zituen konpromisoak betetzera. PSOEko gobernuaren konpromisoa Estatu afera nagusiena gainditzeko hartutako Estatu konpromisoa zelako. Ez zen kolore bateko gobernuaren konpromiso soila, ez inolaz ere ez. Estatuaren lehen eta lehentasunezko aferari soluzioa emateko Estatuaren izenean gobernuak hartzen zuen Estatu konpromisoa zen. Eta horrela kontsideratu beharra dago. Eta gaur, 2016an, Estatu konpromiso hori betetzear dago. Eta Estatu espainiarrak bete beharra du, nazioarteko komunitatearen aurreko konpromisoa ere badelako eta jakina, euskal jendarteari zor diolako.
Beraz, betetzear dagoen "Hoja de ruta resultante" deritzana dagoen tiraderatik atera eta behar diren bitartekoez baliatuz betetzeko ardura izango du espainiar gobernu berriak.
Exijentzia zahar-berri hori hor dago baina PPren gobernua buru duen Estatu espainiarraren jokabidearekiko, egin duenaz eta espero dezakegunaz irakurketa egin behar da.
Gatazkaren ondorioekiko, hau da, armagabetzea garatzeko eta iheslari eta presoak etxeratzeko, lehen lehenik presente izan behar dugu Estatu espainiarrak konponbiderako ez duela borondate politikorik. Ez du borondaterik ondorioetan eta are gutxiago Euskal Herriaren nazio izaera aitortzeari eta Autodeterminazio Eskubidea onartzeari dagokionean.
Estatu estrategia da, ez da alderdi edo kolore bateko gobernuaren politika. Irakurketa partekatu baten ondorioa da. Eta guztiaren oinarrian dagoena irabazle/galtzailearen kontakizunaren politika da. Irabazlearen kontakizuna inposatzea helburu duen estrategia da konponbidearen aurka garatzen ari dena. Konponbidearen alde eginez gero Estatu espainiarrak halabeharrez gatazkaren muinean dagoen aferari aurre egin beharko lioke eta ez du horretarako inolako borondaterik, proiektu politikoen arteko baldintza berdineko leia demokratikoa ahalbidetuko lukeen esparrurik nahi ez duelako. Hori da Euskal Herriari ukatu nahi dion esparrua, Kataluniari ukatzen dion bezalaxe.
Estatuak bere ikuspegitik ondorioen konponbidearekin ez duela ezer irabazten kontsideratzen du, galdu besterik ez duela egiten gainera. Konponbidearen eszenatokiak Estatuaren posizioa ahulduko lukeela uste du. Horrela, konponbidearen zantzua duen guztia, edozein keinu barne, edozer egiten dela, pausu txikiena ere, prozesua bultzatzen dela baloratzen da, askapen prozesua elikatzea dela alegia. Estatu mailako irakurketa termino politikoetan egiten da, muinean Estatuak inork baino hobeto dakielako gatazka politikoaren ondorioa direla preso eta iheslariak.
Ezker Abertzaleak irekitako prozesuaren eraginez gatazkaren ondorioen eremu ezberdinetan ildo politiko eta sozial berrituak garatzeko baldintzak sortu dira, batik bat preso eta iheslarien eskubide eta etxeratzearen aldeko eremuan. Azken urteetan Euskal Herrian inoiz ezagutu diren mobilizazio handienak egin dira, azken isla joan den larunbatean Bilbo eta Baionako kaleetan ikusitakoa, euskal preso politikoen eskubideen eta etxeratzearen alde.
Horrez gain, Euskal Herrian behin eta berriro publikatu izan diren inkestek argiki adierazten dute euskal jendartearen gehiengo zabala euskal presoen sakabanaketaren aurka dagoela, arrazoi politikoengatik inor preso edo ihesean segitu behar izaterik ez duela nahi, normalizazio politikoa nahi duela alegia.
Baina nahi zabal horri urrats eraikitzaileak eginez erantzun beharrean espainiar gobernuak juxtu kontrako jarrera aplikatzen du. Kriminalizazioa, errerpresioa. Euskal Herri osoan dinamika politiko eta sozial berriaren eraginez jendarte esparru zabalagoan sendotzen ari den indar metaketa oztopatzeko eta horrekin ondorioen konponbidearen aldeko herri presioa ahultzeko errepresioa eta kriminalizazioa aplikatzen da, bai herri mugimenduarekiko, bai asistentziaren eremu ezberdinetan ari direnekiko.
Une honetan 46 pertsona, presoen eskubideen defentsan eta beraien etxeratzearen aldeko 46 militante, 46 boluntario auziperatuta daude eta horietako batzuk espetxean. Espetxean diren bi lagunen egoera latza salatu beharrekoa da, Arantza Zuluetari eta Jon Enparantzari aplikatzen ari zaiena tortura politika delako, ez du beste izenik.
Preso eta iheslarien eskubideen eta etxeratzearen alde ari den mugimendu eta boluntarioen aurkako errepresio estrategia horrek agerian uzten du Euskal Herrian ez dagoela ez bake egoerarik, are gutxiago normalizazio politikorik. Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo euskal herritar ugariri egunero urratzen zaizkie giza eskubideak. Euskal Herrian gaur gaurkoz "eskubide guztiak euskal herritar guztientzat" printzipioak premiazko aldarrikapena eta premiazko beharra izaten jarraitzen du.
Eta hori horrela, ozentasun osoz esan nahi dugu Euskal Herrian ezinezkoa dela indarkeriaren fenomenoaz iraganean hitz egitea. Euskal Herrian indarkeria bat bakarraren eraginaren ondorioez sortutako biktimez hitz egin dezakegu. Eta hori horrela da Estatuaren indarkeriak bizirik dirauelako Euskal Herrian, eta euskal preso politikoen aurka bi estatuen luze zabalean giza eskubideen urraketak eguneroko errealitatea direlako.
Horregatik esaten dugu Euskal Herrian ezinezkoa dela indarkeriaren iraganaz hitz egitea, izan ere Euskal Herrian 2016 honetako urtarrilaren 12an indarkeria batek bizirik dirau, eta indarkeria hori gaur biktimak eragiten ari da. Gaur Euskal Herrian Estatu espainiarrak eta frantziarrak biktimak eragiten ari dira, beren indarkeriaren biktimak. Eta hori lehentasunez gainditu beharreko gaitz politikoa da.
Gasteizko eta Iruñeko gobernuei dei egiten diegu hartu beharreko neurriak hartzera giza eskubideen urraketak euskal ekuazio politikotik lehentasunez desager daitezen. Bi gobernuak dira bi instituzio nagusien organo gorenenak, biei dagokie beste guztien gainetik, Hego Euskal Herrian bederen, indarkeria politikorik eta giza eskubideen urraketarik egon ez dadin.
Eta dei berezia egiten diogu Autonomi Erkidegoaren Gasteizko gobernuari indarkeriaren ondorioez iraganean aritzeari uztera, gezur handia delako, eta errealitatea onartzera eta alda dadin bete-betean inplikatzera. Urkulluren gobernuari Estatu espainiarraren indarkeria errealitatea dela onartu eta hori euskal ekuazio politikotik desagertu dadin determinazio politiko eta instituzionalaren eskutik ekitera dei egiten diogu. Ezker Abertzalea lagun izango du bide horretan, eta euskal jendartearen gehiengoa ere ziur baietz.
2016 honetan "Zutik Euskal Herritik" "Abian" prozesua egitera goaz. Berregokitzeak erakarriko dituzten erabakiak daude ikusmiran. Ezker Abertzalea une honetan barne prozesu berri batean murgiltzera doa. Bertan egingo da azken urteotako balantzea, bertan aztertuko egungo testuingurua, bertan finkatuko Zutik Euskal Herrian marraztutako estrategia politikoak behar dituen egokitzapenak eta bertan zehaztuko da Ezker Abertzaleak bere egingo dituen erronken dinamizazio politikorako behar duen antolakunde eredua.
Hori dena egingo da Abian prozesuarekin eta bertan egin behar denari protagonismorik kendu gabe Zutik Euskal Herriaren aroak eman duenaz jada Ezker Abertzalearen baitan jorratzen ari diren apunte batzuk esposatzea bidezkoa da. ZEHrekin aurrera begirako ekinbide politikoa hiru fasetan zehaztu genuen: gatazkaren ondorioak konpontzeko fasea, erabakitzeko eskubidea bere egingo zuen lurralde batasunaren esparru juridiko eta politikoaren fasea eta independentzia irabazteko fasea.
Aipatu fase horiek ez direla zurrunak, ez direla kateatzen; uztartu egiten direla presente genuen baina gertaerek eta egoerak bestelakorik eskatu arren ez dugu jakin izan gure egintza egokitzen. Ezker Abertzaleak bazuen nahikoa eskarmentu gobernu espainiarren jokabideaz, jakitun ginen hitzartutakoa bete gabe behin baino gehiagotan utzi izan duela. Hori bagenekien eta eman zitekeela ere gure kalkuluen barnean zegoen.
Ezker Abertzalearen aldebakarreko jokabidea bazen eta bada Estatuei begira egon gabe jokatzeko tresna, bada aldebikotasunaren kartara bakarrik ez jokatzeko bitartekoa eta hori horrela finkatu genuen Zutik Euskal Herriarekin baina horren aplikazio politikoan ez dugu asmatu. Gatazka politikoaren ondorioen konponbiderako aldebiko eskema historikoak, borroka armatuaren desagerpenaren segidako ametsezko eszenatokiak eta espainiar gobernuarekin eta ETArekin nazioarteko fazilitadoreek hartutako konpromisoek, ZEHren garapena irizpide politiko zurrunegiarekin egitera bultzatu gaitu.
Lehen etapan helburua zen gatazkaren ondorioei irtenbidea ematea edo soluzio bidean jartzea bederen. Ez dago zalantzarik ZEHan marraztutako ekinbide politiko hau neurri handi batean aurreko pentsakera, eskema eta jokabideei lotuegia zegoela, eta gainera planteamendu politiko zurrunegi baten baitan finkatua. Egiari zor Estatuek konponbidearen prozesua neurri batean kateatzea lortu dute, Hego Euskal Herrian bereziki baina ez Ipar Euskal Herrian.
Denborak argiki erakutsi digu finkatutako ekinbidea egokitu beharra dagoela.
Hori bai, egokitzeak ez du esan nahi preso eta iheslarien etxeratzea lehen mailako helburua ez denik Ezker Abertzalearentzat, jakina baietz, eta ahalik eta epe laburrenean gure artean izan daitezen borrokatzen jarraituko du Ezker Abertzaleak, hori bai, estrategia politiko independentista eraginkor eta emankorra izan behar duenari uztartuta.
Atzo bezala gaur Ezker Abertzaleak lehentasuntzat du preso eta iheslarien etxeratzea eta hala izango da (espero dugun) bihar (ez hain) luzean ere. Denok etxeratu artean beti-beti izango da gure lehentasuna. Eta errealitate ekidin ezin horrek aurrerantzean ere pisu politiko handia izango du Ezker Abertzalearen jardunean.
Ezker Abertzale osoaren ardura da jada martxan dauden dinamika zabalak bultzatzea eta bere parte-hartzearekin indartzea, bere izaera anitza zainduz ahalik eta jende gehienaren konpromisorako eta inplikaziorako bidea erraztuz, eta gure inguruan presoen aldeko lan antolatua egin beharra zabalduz eta lanerako giro egokia bermatuz.
Ezker Abertzaleak egin ditzakeen moldaketak, egokitzapenak edo zuzenketak jada mahai gainean dugun gatazka politikoaren ondorioen konponbiderako gure ibilbide orriarekin uztartu beharko dira, hau da, Euskal Herria Bilduk aurkeztutako "Bakerako Euskal Bidearekin".
Lau erreiko bide-orri bakarra da Bakerako Euskal Bidea. Lau eremutan kokatzen du gatazkaren ondorioen lanketa: biktimak eta memoria, zigor eta espetxe politika eta iheslarien itzulera, armagabetzea eta desmilitarizazioa.
Biktimak eta Memoria
Biktima guztiek eskubide berberak dituzte aitortza eta erreparaziorako eta baita gertatutakoa ez errepikatzeko bermeari dagokionean ere. Giza eskubideen urraketa guztiak bilduko dituen datu base bat egitea planteatzen da.
Biktimek eta jendarteak orokorrean egia ezagutzeko dugun eskubidean oinarrituta "Egiaren Batzorde" bat sortzea ere planteatzen da. Egia osatzen duten egia guztiak ezagutzea funtsezkotzat jotzen delako.
Zigor eta espetxe politika eta iheslarien itzulera
Gure herriarentzat helburu dugun elkarbizitza normalizatuak eskatzen du konbikzio politikoengatik askatasuna galdu duen edo sorterritik kanpo bizitzera behartuta dagoen euskal herritar bat bera ere ez egotea.
Bakea eta bizikidetza helburu duen garai berri batean, legedia errealitate politiko berrira egokitu behar da eta salbuespenezko zigor, espetxe eta auzibide politika legedi arruntera itzuli beharra dago.
Euskal presoei dagokienean, beren eskubideak urratzen dituzten salbuespen neurriak bertan behera utzi behar dira lehenbailehen. Horrekin batera euskal presoen urrunketa eta sakabanaketari amaiera eman behar zaie.
Espetxe eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoarentzat eta Nafarroako Foru Komunitatearentzat eskuratuko dira.
Euskal presoen etxeratze prozesua ahalbidetzeko bai alderdi politiko eta eragile sozialen artean, bai instituzioetan akordio zabalak erdiestea lehenetsiko da, beti ere, akordio horietan euskal presoen parte-hartzea bultzatuz. Etxeratze prozesua lege baliabideak erabiliz eta bakarkako aplikazioarekin egitea bultzatuko da, horretarako 'baldintzapeko askatasun aurreraturako' kaleratze programa bat abian jarriz.
Euskal iheslariei dagokienean itzultze prozesua erraztuko da. Horretarako, batetik, auzirik ez dutenen egoera erregularizatzeko prozesu bat abiatuko da eta bestetik, auziak dituztenen egoera erregularizatzeari dagokionez, hori arautuko duen legedi espezifiko bat egitea bultzatuko da.
Armagabetzea
Armagabetzeari dagokionean ETAren armategien deuseztatzearen bidez burutzea jotzen da helburutzat. Lehenik ETAren armategien zigilatze eta egiaztatze prozesua ahal bezain laster gauzatuz eta jarraian Armagabetze Batzorde Independente bat eratuz ETAren armategien deuseztatzearekin bukatuko den prozesu kontrolatu, ordenatu eta adostu bat diseinatzeko eta azken bururaino eramateko arrazoizko epe batean.
Zeregin honetan garrantzi handikoa litzateke ekimenari ahalik eta babes eta zilegitasun politiko, instituzional eta sozial gehien ematea; horretarako funtsezkoa da Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafar Foru Komunitateko gobernuen, nahiz Euskal Herri osoko alderdi politikoen eta eragile sozialen parte-hartze eraikitzailea.

Armagabetze prozesuaren parte izan beharko lukete, bai euskal jendarteak, bai euskal eragile politikoek, bai euskal instituzioek.
Desmilitarizazioa
Azken helburua euskal gatazkaren ekuaziotik armen aldagaia behin betirako desagerraraztea izanik, beharrezkotzat jotzen da Estatuko Segurtasun Indarren erretiratzea eta horrela herritarren babes eta zerbitzu lanak Euskal Polizia Kidegoek betetzea.
Helburu horrek Estatuko Segurtasun Indarrak era mailakatuan erretiratzeko plan bat egitea eta adostea eskatuko du. Horretarako, Estatuko Segurtasun Indarrak erretiratzeko plana eta irizpideak Gasteizko eta Iruñeko Parlamentuetan onartuko dira eta ondoren gobernu espainiarrarekin adostuko.
Euskal Herrian gatazkaren ondorioak gaindituko dituen egoerara heltzeko eragile ezberdinen parte-hartzea eta beren arteko adostasunak lortzea ezinbestekoa da. Eragile sozialena, politikoena, instituzionalena eta noski, presoen kolektiboaren beraren interbentzioa ezinbestekoa da.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2013ko bere azken eztabaida prozesuan erabaki garrantzitsuak hartu zituen, horien artean:
Estatuak eta oro har klase politikoa, EPPKren urratsak baliogabetzera eta eszepziozko legedia betetzeko exijentziara mugatzen dira. Estatuen jarrera presoekiko ezin krudelagoa da, bai eskubideen urraketekin, bai oro har Kolektiboaren egoera zailtzen.
EPPKk emandako urratsari ez garrantzirik, ez baliorik kendu gabe eta Estatuen estrategia itxia presente izanik, bere ezaugarritzeak beharko lukeen egokitzapenaz eta kaleratze prozesuan jarraitu beharreko ibilbideaz EPPKk gogoeta egitea eta urrats berriak ematea behar beharrezko ariketa politiko gisara kontsideratzen da. EPPKk bete- betean parte-hartuko duen Abian prozesua ondorengo egitekoa litzateke.
EPPKk 2013ko eztabaida prozesuarekin urratsak eman bazituen ere, gaur gaurkoz historikoki Ezker Abertzalean espetxe fronte gisara ezagutu izan den eremuaren ezaugarri politiko eta parametroei lotuta jarraitzen du. EPPKren egungo ezaugarritzea beste garai politiko batekoa da, gaindituta dagoen estrategia baten esponente nagusienetakoa zen EPPK eta gaur, estrategia aldaketak eta garai politiko berriak hala eskatzen dutelako, presoen kolektiboak beste ezaugarritze bat behar du.
Euskal preso politikoen kolektiboaren izaeraren berrezaugarritzea eta preso eta iheslarien etxeratzearen erronka erabat uztartuta egon behar dute, hau da, euskal preso politikoak egun bide politiko eta demokratikoetatik garatzen ari den estrategia independentistaren parte dira, soilik aipatu bitarteko horien bidez garatzen ari den estrategia independentistaren parte dira eta horrekin batera, euskal presoen kaleratzerako egingo den bidea burujabetzaren eta independentziaren prozesuaren baitan egingo da. Estatuek presoak bahitu gisara erabiliz prozesu independentista baldintzatu nahi dute, bada, guk dioguna da euskal preso eta iheslariak prozesu independentistan uztartuz eta aurrera eginez kaleratuko ditugula. Eta bide hori eremu politiko eta sozialarekin batera eremu juridikoa ere jorratuz egin beharko litzatekeela.
Eremu politiko eta sozialerako jokabidea marraztuz
Ezker Abertzaleak historikoki "Espetxe fronte" gisara ezaugarritu izan duen eremua azken urteotan birmoldatzen joan da, garai bateko Amnistiaren Aldeko Mugimenduarekiko alderatuz gaur egun herri dinamikak Herrirarekin lehenengo eta orain Sarerekin hartutako lan filosofia berriak islatzen duen neurrian.
Aldiz, "espetxe frontearen" ikur eta adierazle nagusia izan den Euskal Preso Politikoen Kolektiboa ez da garai bateko "espetxe frontearen" ikur eta adierazle izatetik prozesu politiko independentistaren adierazle izatera pasa eta horrekin batera gatazka politikoaren ondorio izatearen errealitate berrira egokitu.
Aipatu berrezaugarritze hori gauzatu ahal izateko Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Abian prozesuarekin aurrerantzean proiektu politiko independentistari bere ekarpena egingo dion Kolektiboaren izaera hartzera pasa beharko luke.
Gatazkaren ondorioen konponbidea estrategia politiko orokorraren, hau da estrategia independentistaren, garapenean uztartu beharko litzatekeela diogu eta presoen kolektiboak bere jokabidea bi planotan garatu:
Euskal preso independentisten kolektiboak bere ezaugarritze berriarekin harreman politika ere ikuspegi berri baten baitan garatu beharko luke:
Izan ere, preso eta iheslarien afera euskal jendarteak, euskal eragile orok eta euskal instituzioek denen artean, presoekin batera gainditu beharreko afera baita.
Eremu juridikorako jokabidea marraztuz
Zer eszenatoki dugun aurrean kontuan izanez, preso eta iheslarien etxeratzeko planean legediak eta neurri juridikoek izango duten papera presente izan beharko dugu. Presoen kaleratzea mahai baten bueltako akordioaren eskutik emango ez denez legediaren garapenetik eman beharko da eta eszenatoki horretarako prestatu beharra dago.
Beraz, eremu juridikoa (eta penitentziarioa) erabili beharreko bidea izango da, beti ere damutzearen eta salatzearen marrak alboratuz, izan ere, bata zein bestea euskal presoen aurka eta soilik beren aurka erabiltzen diren salbuespenezko neurriak direlako, pertsonaren duintasunaren aurkako bidegabekeriak direlako eta gure herriaren normalizazio politikoa bideratzeko traba besterik ez direlako. Salbuespen politikak bezala, salbuespenezko legedi barneko neurriak baztertu behar dira.
Urrats juridiko batzuk jada garatzen ari dira eta beste batzuen edukiak landu behar direla uste dugu eta egin beharreko ibilbidea iniziatiba hartuz egin. Ausardiaz jokatzeko garaia da, euskal presoen kolektiboak eremu juridikoan ere ausart jokatzeko urratsa egin beharko luke. Erabakia, jakina, Euskal presoen kolektiboarena da.
Eta azken atalean aipatu arren, lehenengo mailan jarri beharreko eremua soziala da, herritarrak eta herri eragileak protagonista dituena.
Gatazka politikoaren ondorioen konponbidean eragile ezberdinen parte-hartzea ezinbestekoa da, noski baietz, eta zentzu horretan Ezker Abertzaleak berebiziko garrantzia ematen dio euskal jendartearen parte-hartzeari eta euskal preso politikoen eskubideen eta etxeratzearen alde diharduten eragileei.
Euskal presoak etxeratzeko bultzada erabakigarria herri mugimenduaren eraginaren baitakoa izango da eta ez dago zalantzarik euskal presoak herriak eta herriaren/herritarren eginak, mila eratako konpromisoetan adierazten den egintzak etxeratuko dituela. Eta horretarako herri mugimendu ahalik eta zabalena eratzea da helburua. Gure iritziz Sare eta Bagoaz dira presoen eskubideen eta etxeratzearen alde milaka borondate anitz biltzen dituzten antolakunde sozialak eta Ezker Abertzaletik gure miresmena eta babesa adierazten diegu. Egun egiten ari direnean jarraitzera dei egin eta Ezker Abertzalearen aldetik laguntza osoa izango dutela adierazten diegu Hego eta Iparraldeko bi herri antolakundeei.
Euskal presoen eskubideen eta etxeratzearen alde indarrak biltzeko bitarteko sozial gisara Sarek eta Bagoazek Ezker Abertzalearen errekonozimendu osoa dute eta dei egiten dugu preso eta iheslariak gure artean izateko indarrak biltzen dituzten herri antolakunde horietan biltzera eta lan egitera. Presoak eta iheslariak etxean nahi ditugunok bil gaitezen borondate anitzen batasunari ateak irekitzen dizkion Sare eta Bagoazen.
Eta leku berezia ematen diogu baita ere euskal preso politikoen senideen elkartea den Etxerati. Senide eta lagunen elkarteak euskal presoen aurkako estrategia kriminala lehen pertsonan bizi du, astez aste milaka eta milaka kilometro eginez beren bizitza errusiar erruleta bailitzan espainiar eta frantziar errepideetan jokoan jarriz.
Etxerat elkarteak beren senide presoek pairatzen dituzten eskubide urraketen salaketa, informazioa eta testigantza zabaltzeko eta hedatzeko inork ez duen zilegitasuna du eta orain arte egin duten lan eskergarekin jarraitzea ezinbesteko egitekotzat jotzen dugu. Etxerat Estatuaren estrategia anker eta kriminalaren salaketan aurpegi eta ahots zuzena da, horregatik da ezinbestekoa bere egitekoa.
Presoen eskubideen alde arituz, presoen Euskal Herriratzearen alde jardunaz eta senide presoen etxeratzea helburu duen bidea bultzatuz Etxerat normalizazio politikora heltzeko bidea egunez egun ereiten ari da, izan ere, Etxerat lehen mailako elkartea baita bake eta bizikidetza eszenatokia lortzeko ibilbidea jorratze lanean.
Azkenik ez genuke aipamenik egin gabe utzi nahi Euskal Herriko Foro Soziala, Iruñea, Bilbo eta Baionan egindako mintegi eta jardunaldietako ondorioekin bide propioak ireki baitzituen. Gogora ekarri nahi ditugu bai Gomendoek, bai Baionako Adierazpenak suposatu dituzten urratsak eta desio genuke ekindako bideari jarraipena ematea, hemen behin eta berriro esan dugun eran ezinbesteko eragilea den euskal jendarteari bide eta eskaintza ezberdinak eman behar baitzaizkio gatazkaren ondorioen konponbidean era bateko edo besteko konpromisoetan inplikatzeko.
Urtero bezala, Martuteneko espetxe alboan elkartu gara euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea aldarrikatzeko. Urteko azken asteburuan elkartzen gara bertan, urteko lehen asteburuan Bilboko kaleak aldarri berberarekin betetzen ditugun moduan.
Paradoxikoa den arren, euskal preso politikorik ez ditu entzungo gaur gure elkartasun oihuak. Izan ere, ez dago euskal preso politikorik Martuteneko espetxean. Frantziar eta Espainiar estatuko espetxeetan sakabanaturik dago kolektiboaren gehiengoa.
Gaurkoan hainbat preso politiko ohi, senide eta Sortuko kide elkartu gara datorren abenduaren 27an Martuteneko espetxera egingo den martxa aurkezteko.
Hainbat bider salatu dugun moduan, gatazkaren konponbidearen aurkako tresna gisa erabiltzen du Gobernu espainiarrak espetxe politika. Presoen eta euren senideen eskubideen urraketaren bidez, gatazka betikotu nahi du Madrilek, Ezker Abertzalea eta askapen prozesua iraganera kateatuz.
Nabarmenak eta lazgarriak dira PPren gobernuak euskal preso politikoei ezartzen dien politikaren ondorioak: senide eta lagunak astebururo erruleta errusiarrera kondenatzen dituen sakabanaketa, muturreko isolamendua, larriki gaixorik dauden presoak espetxean mantentzea... Bereziki salagarria da gaixorik dauden presoekin Gobernu espainiarrak duen jarrera: espetxe politikaren ankerkeriaren neurria ikusten da hor.