ALBISTEAK

Santi eta Josuri omenaldia Bilboko Euskaldunan, bien erailketaren 30 eta 25.urteurrenean. Pernando Barrenak hitz egin du ekitaldian.

Azaroaren 20ean, 30 eta 25 urte beteko dira hurrenez hurren Santi Brouard eta Josu Muguruza Ezker Abertzaleko militanteak erail zituztenetik.

Urtez urte egin bezala, aurten Sortuk bi kide hauek omendu nahi ditu, Ezker Abertzalearen baitan eginiko ekarpen humano eta politikoagatik.

Santi eta Josuren omenezko ekitaldia azaroaren 15ean egingo da, larunbata, Bilboko Euskaldunan. "Apur ditzagun kateak!" izango da ekitaldiaren leloa, izan ere, ezinbestekoa deritzogu Estatu espainiarrarekiko menpekotasun kateak apurtzea.

Alemanian izandako atxiloketaren harira, Sortuk hauxe adierazi nahi du:

  • Operazio berri hau Estatutik nahi ez duten bake eta irtenbide eszenatokia ostopatzeko eta ekiditeko iraganeko estrategietan murgilduta daudenak bultzatu dute.
  • Estatua errezeta zaharretara eta praktika usteletara bueltatzen da behin eta berriro. Horrela, horrelako operazioekin, urte luzeetako gatazkaren ondoren etorkizunari begira bakea sendotzeko eta gatazkaren ondorioak gainditzeko eszenatoki bat eraikitzeko dituen ardurak eta konpromisoak onartzeari bizkarra ematen dio.
  • Jarrera horrekin, bere ardura zuzenak izkutatuz, errepresio, kriminalizazio eta jazarpen estrategiari eutsiz, Estatua inora ez daraman aurrera-ihesean dabil.
  • Amaitzeko, Alemaniako agintariei bakearen etsaien estrategia ez babesteko ezta elikatzeko ere deia egiten diegu.

EAEko Auzitegi Nagusiak Hasier Arraiz-en aurkako auzia artxibatu duela eta, honakoa adierazi nahi du Sortuk:

  • Abiatu behar ere ez zuen auzi baten amaiera onargarri bakarra izan beharko luke auziaren artxibatzea.
  • Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa izan da Arraizen aurkako auzibidea, jazarpen politikoaren adibide berri bat.
  • Sortuk behin eta berriro ere salatu duen moduan, oso larria da eztabaida politikoa inputazioen bidez baldintzatu nahi izatea. Zentzu horretan, erregimen frankistaren erreformaren inguruan irakurketa erabat kritikoa egiten jarraituko du Sortuk, guztiz kritikoa den moduan garai hartan estatuko zein Euskal Herriko zenbait alderdiek hartutako jarrera edo egindako hautuarekin. Ezker abertzalearen hautua haustura demokratikoarena izan zen orduan eta horrela izaten jarraitzen du gaur egun ere, haustura hori delako bide bakarra Euskal Herriari dagozkion eskubideak eskuratu eta gauzatzeko.
  • Edonola ere, Ezker Abertzalearen aurkako hainbat auzi daude oraindik ere irekiak eta bada garaia epaiketa hauekin amaitzeko. Legeen salbuespenezko aplikazioarekin amaitu behar da; auzi politikoak konponbide demokratikoaren aurka erabiltzeari utzi behar dio Estatu espainiarrak.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.