Sortu-k indar biziz salatu nahi du Barañaingo preso politikoa den Luis Goñi Daroca-ko espetxetik Almeriara lekuz aldatu izana. Presoen sakabanaketa eta urruntze politikak aldatu beharreko salbuespen neurriak direla gero eta ahots gehiagok onartzen ari direnean; baita Madrilgo epaile entzutetsu batzuk ere; PPko Gobernuak Luis bere etxetik 1000 kilometroetara dagoen espetxe batera eramatea erabaki du.
Nabarmendu behar dugu ere erabakia gauzatzeko aukeratu duten eguna: bake eta normalizazio prozesuari bultzada berri bat emateko asmoz Jonathan Powell eta Martin McGuiness Euskal Herrira egin duten bisitaren hurrengo eguna hain zuzen ere. Jarrera honekin, PPko Gobernuak berriro erakusten du ez dela gai bakea eraikitzeko apustuari heltzeko; eskubide urraketa zein ukazioa ardatz dituen politikan sakontzea dela bere eskaintza bakarra.
Sortuk, Euskal Herriko eragile zein herritar guztiei dei egiten die salbuespeneko neurri hauen aurka mobilizatzeko. Herritarren indarrak bildu eta kalera ateraz lortuko dugu dispertsioaren harresia eraistea.
Fernando Sotari mendekuzko zigor politikoa ezarri dio Concepción Espejil epaileak, euskal presoen eskubideen aldeko kartel batzuek jartzeagatik. Estatuak euskal presoen eskubideen aldeko ekimenak desagerrarazteko asmoa duela nabaria da. Baina hori ez dute inondik inora lortuko. Mendekuan tematuta dagoen Estatuaren aurrean indarrak biderkatu behar ditugu, dispertsioaren aurka sortu den itsaso zabal hori zabaldu eta kartzela politika honekin amaitzeko.
Sartagudako Sortuk omenaldia egin zion larunbatean Frankismo ostean Sartagudako lehen alkate demokratikoa izan zen Miguel Salvadorri. Ekitaldian herrian errepresioa pairatu zuten gainerako bizilagunak ere oroitu ziren.
Eskola publikoan pentsamendu kritikoa sustatu beharrean, Nafarroan arma eta militarren erakustaldiak bultzatzen dira, jolas parke bat bailiran. Datuak eskandalagarriak dira, 2013an Guardia Zibilak 19 ate irekiko jardunaldi ospatu ditu Nafarroa osoko eskoletatik, 24 eskolek bisita egin dute akuartelamenduetara, eta 117 hitzaldi eman dituzte sare publikoko eskoletan.